Dagokionez

Pintxo Eguna Zirtzilak peñak eta Baionako Elkarteen Batasunak antolatzen dute.

Harremanak eta informazioa: pintxoeguna[at]gmail.com

Baionako besta-kanpoko peñak ezagutzea

Baionako peñak hiriko (64) kultur berezitasun eder bat dira.

Giro alaiko lekuak dira: kantuz, dantzaz eta… bai, bai… gastronomiaz bizi direnak.
Peñetako kideak sukaldaritza eta janari ona maite duten jende argituak dira!

Pintxo Eguna, beraz, gastronomia eta besta elgarretaratzen dituen hitzordu bat da: peñetako “chef”en trebezia eta sormena balioan ezartzen ditu, eta jendarte zabalari leku mitiko horietara sartzeko parada ematen dio.

Pintxoa eta euskal gastronomia balioan ezartzea

Euskal Herriko gastronomiaz mintzatzean, irudiak laster etortzen zaizkigu: Baionako xingarra, Ezpeletako biperra, ardi-gazna, sagardoa… Baina bada giro onaren eta barra animatuen espiritua bereziki ongi irudikatzen duen ikur bat: pintxoa.

Euskal gastronomiaren ikur gisa, bereziki Hegoaldeko hirietan (Hondarribia, Donostia, Bilbo…) arras hedatua den pintxoa, gure kulturaren eta bizitzeko maneraren marka sendoa da.

Zer da pintxo bat?

“Pintxo” hitza espainolezko pinchar (zulatzea) hitzetik dator. Hasieran, ogi xafla bat zen, gainean osagai batekin eta zotz batez lotua: Hego Euskal Herriko tabernetan (bereziki Donostian edo Bilbon) zerbitzatzen zen mokadu xume eta zintzoa. Baina pintxoa, denborarekin, izigarri garatu da. Gaur egun, benetako sukaldaritza-artelan ttiki bat bilakatu da, chefek testurekin, zaporeekin eta tokiko produktuekin jolasten dutelarik.

Ez da nahasi behar Espainiako taparekin. Pintxoa, gehienetan, finagoa eta sortzaileagoa da (eta sarritan eskuzabalagoa ere bai). Beroa izan daiteke edo hotza, momentuan egina edo aitzinetik prestatua, baina beti partekatzearen eta gozamenez jatearen inguruan dabil.

Segur aski, munduan diren euskaldunen adina definizio bada pintxoarentzat; baina gehienek puntu hauetan ados dira:

  • eskuz jaten da, tresnarik gabe,
  • bi mokadutan jateko modukoa izan behar du,
  • gehienetan ogi gainean aurkezten da, edo zotz batez “pintxatua” egina.

Hor dago zailtasuna: emozio gustagarriak sortzea, zapore argiak eta orekatuak lantzea… mokadu bakar batean!

Denborarekin, pintxoa garatu da, eta gaur egun jatorrizko pintxotik urrun diren forma askotan agertzen da.
Baina gauza bat segur da: XXI. mendean bete-betean sartu da, eta chefek sormenez eta bihotzez lantzen dute.

Euskal identitatearen osagai ezinbesteko bilakatu da, eta Euskal Herrian — Iparraldean nahiz Hegoaldean— egonaldi batek altxor horiek deskubritzea merezi du.